20220903

- Dabilenean

Egunak ez du argitu baina bere zai nago, irekita begiak. 

Kafetera italiarra ez nuen atzo garbitu. 

Lanera joan behar dut.

Armairuko arropa mentalki errepasatzen dut ogiari botatako olioak hatz artean txirrist egiten didan bitartean. Praka beltz ala bakeroen artean ezin aukeratu.

Gidatzen nabil.

Lan andana dut bulegoan, lehentasunak ordenatu. 

N-121 errepidean kamioi batek nire erreia oztopatzen du. Jauzi da gidariaren kabina nire kotxearen gainera. 

Zuzendariari proiektua garaiz amaituko ez dudala nola esan darabilkit buruan.

Hezurrak birrinduta, garuna xehatuta, gorputza goroztuta. Pirineotako behiez jositako abere-kamioiak aurretik eramaten nau.

Etxekoentzat bazkaltzeko deus prestatu ez dudala pentsatzen aienatzen naiz ezerezean.