20070604

Katu beltza, katu txuria

Poztu nintzen atzo, Jesus bizilagunaren ojuak deskansilloan entzunda gaueko 02:00tan esnatu eta nerekin ohean etzeundela ikusi nuenean.

Mozkor galanta zeraman, astean behin harrapatzen duen horietako bat eta ohitura bihurtzen ari den protokolo errepikakor batean bere etxeko atearen zerrailan giltza ezin sarturik zebilen bitartean, ginebrak eragindako eroaldi momentu haren izkutuko entzule izan nintzen berriro ere. Bere bakarrizketak beti dira bortitzak. Munduak bakarrik utzi duen indibiduo baten birao madarikatu galduak. Baina ni orain hilabete batzuk dira ondoko atean bizi naizela eta orduzgeroztik bere bizitzaren antzutasunaren testigu harritua bihurtu naiz.

Oraingoan zu izan zinen bere kexen jomuga. Elkar gurutzatu al zerate noizbait eskaileretan? Behin ta berriz errepikatzen zuen lepoa moztuko zizula. "A ese euskaldun!" esaten zuen, bere bizilagun politarekin larrua jotzen ibiltzeagatik. "Con mi vecina! con mi vecina que es guapísima!" garraxi egiten zuen. Hasieran izu batean maindire azpitan sartuta nere ohetik desagertu eta batbatean beheko pisuko bikotearen ohearen erdian agertu nahi izan nuen baina gero, "que es guapisima" eta ez "que está buenísima" esaten zuelako zerbait lasaitzea lortu nuen. Eta horrela jarraitu zuen, alkoholaren hatzak zapaltzen duen "rewind" - "fordward" jolas horretan esaldi berdinak etengabe errepikatzen zure lepoa behin moztu ondoren berriro ere moztutzeko. Giltza sartzea lortu zuenerarte.

Dena den badira aste batzuk beste neska bat ari dela bizitzen frenteko pisuan. Zorte pixka batekin, harek ere mutilak gonbidatzen ditu etxera eta horrela bada, zure lepoa salbu egon ahal zitekeen. Ni asko poztuko nintzateke, izan ere lepo beltzaran eta fin hori muxukatzea nere ezpainek azkenaldi honetan duten jolasik gogokoena data. Noiz etorriko zara pelikula ikustera?
jarraitu irakurtzen...