20060630

On Kixoteren sindromea

Fletxazoa, Maitemintzea: Gorputzaren bidegurutze guztiak erne egoeran jarri eta lore-begi baten irikiera eragiten duen fenomeno leherkor berbera jarraituz behin eta berriz eta manifa inkontrolatuetan gure zentzuetara zuzendu eta haien kontra koktel molotov-ak jaurtitzen dituztenean gertatzen da, laborategi kimiko-fisikoa martxan jarriz. Begirada batek probeta batean eragindako elementuak nahaste azeotropikoan elkartzen ditu eta lurrindurik bakar bat bihurtzen dira. Eta hor sekulako magia dago. Desoreka eta bertigoa bizilagun bihurtzen dira eta igogailuko elkarrizketa monokromatikoak bakarrik izatea da posible, nahasmenak haur bihurtzen duelako garunaren adina. Kimikak oraindik argitu gabe duen marabilletako bat, maitemintzea.
Orain artekoa guztiontzat jakina. Eta horren ondoren datorrena ere ezagutzen dugu. Askotan gaixotasun bat bezala deskribatua izan den gizakiaren egoera puntual bezain errepikakor hori bestalde gaixotasuna izatekotan oso gozatsua da, baina zorionez ez da gelditzeko etortzen. Antidotorik gabe desagertzen da.
Eta bestela gaixotasuna arazoa bihurtzen da. Izan ere, On Kixoteren Sindromea bezela izendatu dudan gaixotasun arriskutsu batean erortzea ere posible da.
Gaixotasun horren albo-efektuak ezagutzen ditut. Baina ni enaiz Dulzinea del Toboso. Jakitea nahi dut. Zuk beti eder, beti irrifartsu, beti argi ikusten jarraitzen didazu, On Kixote gizajoa, imagin irreal bat denbora luzez miresten. Ez duzu gehiago gerturatu nahi. Baina nere besazpiak leun eta gozoak edukitzeko lehenik hileak hazten utzi behar ditut. Desenkantatua? Eta goizetan nere hatsaren kiratsak gau-mahaitxoaren ondoan dudan kaktusa zimeltzen du. Tarteka hilerokoak ere justifikatzen ez duen humore txarra izaten dut eta nere azken modako 'outofbed' orrazkera lortzeko orduak pasa behar ditut ispiluaren aurrean; inork ez luke nire orrazkera naturala anuntziotan jarriko ohetik altxa berritan ikusiko baninduke baina hori bai, zortea eduki duzu, puzkarrik ez duteta inoiz botatzen.
Mutiko, bada garaia masailean dudan garatxoa ikusten has zaitezen edo psikiatriko batean amaituko duzu inoiz arrisku bat izan ez diren haize erroten kontra burruka egiten eta benetan ezagutzerik izango ez duzun emakume bati maitasun olerkiak betirako errezitatzen.
Aldonza Lorenzo dut izena.

jarraitu irakurtzen...

20060613

Kardaberaz

Laztanek liluratzen ninduten. Baina ikusi nahi nuen etorkizunaren itxura asmatu gabeko hizkuntzetan ere azaltzen saiatu ondoren argitu zitzaidan nere hitzak eta zure belarriak ez zeudela eginak bat egiteko eta ulertezinagatik maiz errepikatuko genuen elkarrizketa baten ondoren motxila hartu eta zurekin pare bat bider larrua jotzeko besterik ez nintzen gure etxera berriz bueltatu.

Orain 'gure' hori arrotz zait, hondartzan etzana ondokoei entzundako ixtorio baten bizipena, eta kilkerra eta txorimaloa bezala pasa genituen urte horiei izen propio bat emateko beharra dudalako gauaren oinaze honetan aurrerantzean idatziko ditudan epilogo guzietan biziko zerala erabakitzen dut. Agur. Maite izan zintudan eta sentipen horren arrastorik ez topatzeak batzuetan min ematen du.
jarraitu irakurtzen...