20060630

-On Kixoteren sindromea

Fletxazoa, Maitemintzea: Gorputzaren bidegurutze guztiak erne egoeran jarri, eta lore-begi baten irekiera eragiten duen fenomeno leherkor berbera jarraituz, behin eta berriz, eta manifa inkontrolatuetan, gure zentzuetara zuzendu eta haien kontra koktel molotov-ak jaurtitzen dituztenean gertatzen da. laborategi kimiko-fisikoa martxan jarrtzen da. Bi begirada probeta batean eragindako elementuak nahaste azeotropikoan elkartzen dira, eta lurrindurik, bakar bat bihurtzen dira. Eta hor sekulako magia dago. Desoreka eta bertigoa bizilagun bihurtzen dira, eta igogailuko elkarrizketa monokromatikoak bakarrik izatea da posible, nahasmenak haur bihurtzen duelako garunaren adina. Kimikak oraindik argitu gabe duen marabilletako bat, maitemintzea.
Orain artekoa guztiontzat jakina. Eta horren ondoren datorrena ere ezagutzen dugu. Askotan, gaixotasun bat bezala deskribatua izan den gizakiaren egoera puntual bezain errepikakor hori, bestalde, gaixotasuna izatekotan, oso gozatsua da. Baina zorionez, ez da gelditzeko etortzen. Antidotorik gabe desagertzen da.
Eta bestela gaixotasuna arazoa bihurtzen da. Izan ere, On Kixoteren Sindromea bezela izendatu dudan gaixotasun arriskutsu batean erortzea ere posible da.
Gaixotasun horren albo-efektuak pairatu ditut. Baina ni ez naiz Dulzinea del Toboso. Jakitea nahi dut. Zuk beti eder, beti irrifartsu, beti argi ikusten jarraitzen didazu, On Kixote gizajoa, imagina irreal bat denbora luzez miresten. Ez duzu gehiago gerturatu nahi. Baina nere besapeak leun eta gozoak edukitzeko, lehenik hileak hazten utzi behar ditut. Desenkantatua? Eta goizetan nere hatsaren kiratsak gau-mahaitxoaren ondoan dudan kaktusa zimeltzen du. Tarteka hilerokoak ere justifikatzen ez duen humore txarra izaten dut, eta nere azken modako 'outofbed' orrazkera lortzeko, orduak pasa behar ditut ispiluaren aurrean; inork ez luke nire orrazkera naturala anuntziotan ipiniko ohetik altxa berritan ikusiko banindu, baina hori bai, zortea eduki duzu, puzkarrik ez dut eta ia sekula botatzen.
Mutiko, bada garaia masailean dudan garatxoa ikusten has zaitezen edo psikiatriko batean amaituko duzu inoiz arrisku bat izan ez diren haize erroten kontra burruka egiten, eta benetan ezagutzerik izango ez duzun emakume bati maitasun olerkiak betirako errezitatzen.
Aldonza Lorenzo dut izena.

jarraitu irakurtzen...